2014(e)ko urtarrilaren 15(a), asteazkena

ENPRESA BERRIAK SUSTATZEKO PLANA 2014 AURKEZTU DU BIZKAIKO FORU ALDUNDIAK

 
• Ekonomia Sustatzeko Sailak 2013an egindako inbertsioari esker 167 enpresa eta enpresa-proiektu berritzaileri lagundu zitzaien: enpresa eta proiektuok 1.339 lanpostu dituzte lotuta
• Enpresa eta proiektu berritzaileentzat 8.500.000 euroko aurrekontua dago; industria sortzaileentzat 1.250.000 euro; gizarte-ekintzailetzarako 2.450.000 euro eta merkataritzaren sustapenerako, azkenik, milioi bat euro
• Lehenengo bi dekretuetan laguntzak eskatzeko ezartzen diren epeak bihar hasiko dira enpresa edo proiektu berritzaileen kasuan, eta Bizkaia Sortzailea programari dagozkionak, berriz, ostiralean
• Programa berri bat ere badago, zeinak 400.000 euro izango dituen ekonomia digitalarekin lotutako enpresa-proiektuen inguruko ekintzailetzari laguntzeko; Seed Capitalek, bestalde, 600.000 euroko funts bat izango du mikrokredituak emateko
• Bizkaiko Teknologia Parkeko enpresen haztegi berriaren 6.000 metro koadro egongo dira erabilgarri, 38 modulu, laborategiak eta tailerrak hartzeko.

Bizkaiko Foru Aldundiak 13.289.000 euro inbertituko ditu aurten enpresa-ekimen berrien sorreran. Ezarrita dauden laguntza zuzenen eta ekonomia dinamizatzeko beste jarduketa batzuen bitartez berrehun enpresa eta enpresa-proiekturi lagunduko zaie «Enpresa Berriak Sustatzeko 2012-2015 Foru Plana»ren barruan, 2014an zehar. Egungoa bezalako egoera ekonomikoa ikusita, Foru Erakundeak berriro ere adierazi behar du erabat argi duela enpresa berriak sortzea eta daudenak mantentzea ezinbesteko elementuak direla Bizkaiaren etorkizunean aurrerapena, hazkundea eta aberastasuna finkatzea lortu ahal izateko.

 Bihar zabaltzen da enpresa-proiektu berritzaileentzako laguntzak eskatzeko epea
Ostegun honetan, urtarrilaren 16an, zabalduko da enpresa berritzaile berriei buruzko dekretuan enpresa-proiektuak garatzeko laguntzak eskatzeko ezarrita dagoen epea. Dekretu horren bidez, enpresa-proiektu berriak garatzeko gastuen ehuneko 70 finantzatuko da, eta hazteko ahalmen handia duten proiektuen kasuan ehuneko 90 ere finantzatu daiteke; dena dela, gehienez ere 40.000 eta 80.000 euro emango dira, hurrenez hurren. Apirilaren 1ean zabalduko da, berriz, enpresa berritzaileak sortzeko laguntzak eskatzeko epea. Halakoen kasuan, Aldundiak, gehienez ere, kapital sozialaren ehuneko 30 —20.000 euroko mugarekin— eta proiektua martxan eta abiarazteko gastuen ehuneko 60 jarriko du. Edozelan ere, enpresa bakoitzera ezingo dira 105.000 euro baino gehiago bideratu, nazioartekotzearen arloko adituak eta marketin-plana egitea kontratatzeko gastuak ere kontuan hartuta.
Asteon —urtarrilaren 17an, ostiralez— indarrean jarriko den bigarren dekretuak Bizkaia Sortzailea programako laguntzak biltzen ditu. Laguntzok honako arlo hauetan diharduten enpresentzat dira: diseinu industriala, ikus-entzunezkoak, bideojokoak eta moda. Enpresa sortu berriak nahiz lehendik daudenak izan daitezke, hiru eta 100 langile artekoak. Proiektu berri bat garatzeko ehuneko 70 lagunduko da gehienez, eta enpresa berrien kasuan, kapital sozialaren ehuneko 30 gehienez, 10.000 euroko mugarekin. Bizkaia Sortzailea programako laguntzak eskatzeko epea martxoaren 14an amaituko da.

 2014rako erronka berriak
Urte honetarako berrikuntza nagusien artean ekonomia digitaleko ekintzailetza sustatzeko programa bat dago, zeinak 400.000 euro izango dituen enpresa-proiektuen sorrera bultzatzeko. Gainera, arrisku-kapitaleko Seed Capital sozietate publikoak funts berritzaile bat izango du 2014an mikrokredituak emateko: 600.000 euroko zuzkidura du funts horrek. Ekimen horiez aparte, enpresen haztegi berri bat jarriko da martxan Bizkaiko Teknologia Parkean, eta Aldundiak 6.000 metro koadro erabiliko ditu horretarako, lanerako moduluak, tailerrak eta laborategiak hartzeko.
Ekonomia Sustatzeko Sailaren aurreikuspenen arabera 2014. urtean 200 enpresa eta proiektu berritzaileri lagunduko zaie: haietatik ehun sozietate berriak izango dira; besteak, berriz, aurretik ere badauden konpainiak. Ekonomia Sustatzeko Sailak enpresa edo enpresa-proiektu berrientzat 2014rako ezarri dituen laguntza publikoek 13.289.000 euroko aurrekontua dute, eta lau kapitulu hauetan banatzen dira:
  • Enpresa berritzaile berriak sustatzea (8.589.000 €)
  • Bizkaia Sortzailea (1.250.000 €)
  • Ekintzailetza eta Gizarte-berrikuntza (2.450.000 €)
  • Merkataritzaren sustapena (1.000.000 €)
 
 2013an 83 enpresa berri eta 84 proiektu berri sortu ziren
Iaz 167 enpresa eta enpresa-proiektu sortu ziren «Enpresa Berriak Sustatzeko 2012-2015 Foru Plana»ri esker. Kalkuluen arabera, 1.339 lanpostu daude jarduketa horiei lotuta. Laguntza jaso zuten 167 enpresa eta proiektuetatik 35 enpresa berritzaileak ziren, Bizkaia Sortzaileari programari esker 28 enpresa sortu ziren eta beste 20, berriz, gizarte-berrikuntzako dekretuaren ondorioz. Laguntza jaso zuten gainerako 84 proiektuak dagoeneko martxan zeuden konpainienak izan ziren. Ekonomia dinamizatzeko beste jarduketa batzuk —esaterako, Bizkaia Sortzailea programaren barrukoak— Lurralde Historikoko 2.000 enpresatara ailegatu ziren.

ALDUNDIAREN IRITZIZ, FROGATUTA DAGO INCOESA-REN PRODUKZIO-JARDUERAREN DESLOKALIZAZIOA BIZKAIKO LURRALDE HISTORIKOTIK




•Incoesa-Trafos-ek eta Incoesa-Trafodis-ek jaso dituzten 150.000 eurotik gorako laguntzak itzultzeko exijitzen du foru-erakundeak.
•Foru-erakundeak ikertu egingo du ea enpresaren jabeek bete gabe utzi zituzten diru-laguntza publikoen xede izan ziren helburuak.
•Aldundiak Bizkaiko industria-sarearen eta enpleguaren aldeko konpromisoa eta apustua berretsi ditu. 
 
Bizkaiko Foru Aldundiko Gobernu Kontseiluak, astearteko batzarrean (2014ko urtarrilaren 14a), onetsi egin du Incoesa-Trafos eta Incoesa-Trafodis enpresen deslokalizazio-adierazpena. Aldundiak berretsitako testuak jasotzen duen bezala, Incoesa Taldeak martxan jarri duen berregituratze-prozesuaren ondorioz, Bizkaiko enpresa horietan bertan behera utziko da industria-produkzioa, eta, aldi berean, jarduera hori berori beste leku batean egingo da, Bizkaiko Lurralde Historikotik kanpo. Enpresa-erabaki horren aurrean, Gobernu Kontseiluak erabaki hauek hartu ditu: lehenik, Incoesa-Trafos eta Incoesa Trafodis enpresen produkzioaren deslokalizazioa adieraztea; bigarrenik, enpresei ordaindutako diru-laguntzak itzultzeko prozedura hastea, 5/2005 Foru Arauaren II. Tituluan ezarritakoa; eta, hirugarrenik, adieraztea Incoesa-Trafos eta Incoesa-Trafodis enpresek eta horien bazkideek ezin izango dutela foru-sektore publikoak emandako laguntzarik jaso zortzi urteko aldian. Erreklamatu beharreko kopuruak hauek dira: 134.052,83€ Incoesa-Trafos enpresaren kasuan eta 21.061,76€ Incoesa-Trafodis enpresaren kasuan.

Produkzio-jardueraren deslokalizazioa
Gobernu Kontseiluak onetsitako adierazpenak euren produkzio-jarduera industriala Bizkaiko Bedia udalerrian garatzen zuten Incoesa Taldeko bi enpresei eragiten die, diru-laguntzak jaso zituztenei, hain zuzen ere. Ez dio eragiten ingeniaritza-alorrari, hau da, Incoesa Consultores Industriales enpresari; izan ere, enpresa horren lan-zentroak Derion jarraituko du. 7/2007 Foru Arauko 5. artikuluan xedatu zenez, enpresaren deslokalizazio-adierazpena emanez gero, deslokalizazio-adierazpena jaso duen enpresak eta haren bazkideek ezingo dute foru-erakundeak emandako diru-laguntzarik jaso zortzi urtean. Halaber, enpresak behartzen ditu adierazpenaren aurreko zortzi urteetan jasotako diru-kopuruak itzul ditzaten, kopuru bakoitza jaso zutenetik deklarazioaren egunera arte sortutako berandutza-korrituekin batera.

Industria-jarduera eta enplegua sustatzeko konpromisoa
Azkenik, enpresak Bizkaian aberastasuna eta enplegua sortzeko funtsezkoak direla onartuta, Bizkaiko Foru Aldundiak lurraldeko industria- eta enpresa-sarearen aldeko konpromisoa eta apustua berretsi ditu. Horretarako, haien lehiakortasuna eta iraunkortasuna ahalbidetzeko beharrezkoak diren programak, laguntzak eta ekimenak sustatuko ditu, orain arte bezala. Izan ere, laguntza publiko horien helburua da aberastasuna eta lanpostu iraunkorrak sortzen laguntzea eta lurraldean jarduera ekonomikoen deslokalizazioa eragoztea.